2013/12/02

LOMCE legeak ekarriko dituen 10 aldaketa nagusiak

EITB.com webgunetik ateratako informazioa da hau:


1. Gaztelania nagusi: murgiltze linguistikorik ez
Espainiako Gobernuak ezarriko ditu Gaztelania irakasgaiaren eduki eta ordu kopuruak. Aurrerantzean, irakasgai ardatz izango da. Euskara, berriz, espezialitate ikasgaitzat jo dute, Heziketa Fisikoaren edo Musikaren maila berean.

Euskadin 30 urtez indarrean egon den murgiltze linguistikoa ezerezean geratuko da, gaztelaniaz eta euskaraz eman beharreko irakasgai kopuru parekatua zehaztuko delako.

2. Zentralizazioa: Ministerioaren kontrol handiagoa

Autonomia erkidegoek espezialitate ikasgaien (Euskara, Heziketa Fisikoa...) eduki eta ordutegiak bakarrik zehaztu ahalko dituzte. Espainiako Gobernuari dagokio, beraz, ikasgai ardatzen ingurukoa ezartzea (Gaztelania, Matematika, Zientziak eta atzerriko hizkuntzak). Bestela esanda, edukien % 65 kontrolatuko du Espainiak (% 75, bigarren hizkuntza ofizialik ez duten erkidegoetan).

Wert ministroak berak goraipatutako euskal hezkuntza sistema ez dute aintzat hartu, Jaurlaritzak eta euskal hezkuntza komunitateak salatu dutenez.

Paradoxa bada ere, erreforma ezartzeko finantziazioa erkidegoen esku egongo da, hein handi batean. Izan ere, Espainiako Gobernuak araua ezartzeko behar den dirua ordainduko du, baina erkidegoek bere gain hartu beharko dute araua finkatzeko kostua.

3. Erlijio katolikoa, indartuta

Erlijioa espezialitate irakasgaia izango da datorren ikasturtetik aurrera. Batez besteko nota kalkulatzeko erabiliko dute, eta beste ikasgaien ordu kopuruarekin parekatuko dute. Eliza katolikoak aspaldi egindako eskaera bati men egin dio Rajoyren gobernuak, matrikulazio kopurua % 10 jaitsi zela-eta arduratuta baitzegoen.

Herritartasunerako Hezkuntza desagertuko da, eta erlijioa egiten ez dutenek Gizarte eta Kultura Balioak (Lehen Hezkuntza) eta Balio Etikoak (Bigarren Hezkuntza) izeneko ikasgaiak landuko dituzte.

4. Errebalidak eta azterketak, noiznahi

Selektibitatea desagertu egingo da.

Ziklo batetik bestera igarotzeko, azterketa egin beharko dute ikasleek. Azterketok eskolaz kanpoko erakunde batek antolatu eta zuzenduko ditu. Hurrengo ziklora pasatzeko gainditu beharrekoak bi dira: DBHkoa eta Batxilergokoa.

Unibertsitateek ere sarbide-probak egin ahalko dituzte.

5. Lanbide Heziketa: Ikasleen zatiketa

Lanbide Heziketan hasteko adina aurreratuko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrera egiterik ez duten ikasleek Oinarrizko Lanbide Heziketan eman ahalko dute izena, 15 urterekin. Halere, aurreneko ziklo hau eginda, Bigarren Mailako Lanbide Heziketan jarraitu nahi dutenek beste azterketa bat egin beharko dute. Ikasle "txar eta onen artean" bereizte horrek haserrea piztu du hezkuntza komunitatearen baitan, eskola porrotari zorrotz jardunez egin nahi diotelako aurre, euren esanetan.

Eskola "onenen" zerrendak egitea ere egongo da. Orain arte, eskolen arteko lehia saihesteko, debekatuta zeuden zerrendok.

6. Arlo ezberdinek eskolan duten garrantzia, txikiagoa

Eskola Kontseilua (hezkuntza komunitateko agente guztiek osatutakoa) aholku-emaile soila izango da aurrerantzean. Hala, ez du eskola erabakietan eta antolaketan zuzenean eragingo.

LOMCE legearekin, zuzendariak eta zuzendaritza taldeak izango dute boterea.

7. Zuzendarien papera

Gobernuak izendatuko ditu eskoletako zuzendariak, izan ere, kargu hori izan nahi duten irakasleek formazio prozesu bat igaro eta ziurtagiri bat eskuratu beharko dute. Orain arte Eskola Kontseiluak izendatzen zuen zuzendaria.

Irakasleak zuzenean kontratatu ahalko dituzte zuzendariek, eta hauek ez dute zertan oposizioa gaindituta izan beharko.

8. Funtzionarioen lan-baldintzak

Irakasleen lan-baldintzak ere aldatuko dituzte. Funtzionarioek zein ikastegitan eta zer-nolako lanetan jardun beharko duten moldatu dezake Administrazioak. Lanorduak ere handituko dizkiete.

Horrez gain, ikasgela bakoitzean egon daitekeen ikasle kopurua % 10 igoko dute.

9. Eztabaidarik eta akordiorik gabeko erreforma

Hezkuntza komunitatea osatzen duten agente guztiek ezezko biribila esan diote erreformari. Sindikatuek, guraso elkarteek, ikasleek, sare publikoko zentroek, itunpeko eskolek, ikastolek... denek bat egin dute lege horren kontra agertzeko. Horiek salatu dutenez, erreforma ez da hezkuntza komunitatearekin eztabaidatu, ezta adostu ere.

10. Itunpeko zentroak

Itunak berritzeko epea luzatuko dute. Lehen Hezkuntzan gehienez ere lau urtean behin berritzen da orain, aurrerantzean sei urtetik gorako epean; Bigarren Hezkuntzan, lau urtean behin.

Administrazioak, halaber, "gizarte eskaria" kontuan hartu beharko du plazak banatzeko orduan; hau da, gurasoek zentro publikoa barik, itunpekoa nahiago dutenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

MUGITU GARA! / NOS HEMOS MUDADO!

BAIETZ GURASO ELKARTEAK web eta blog berria du. Izena eman hemen ean Auzalarreko berri guztiei buruzko informazioa jasotzeko. Blog hau e...